XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TELEBIXTA LEIHOTIK

Zinez, ez dakite zer asma gure zinema egileek.

Beraz hartzen dituzte beren gaiak oraiko denborak eskaintzen dituen gertakariekin.

Hartzen dut etsenplutzat Les égouts du paradis 1978-ko filma astezken aratsean Antenne 2 horrek emana.

Ez dea filma hori Albert Spaggiari-ren ohoretan egina? Oroit zarezte nor den Albert Spaggiari, le casse du síecle deitu bandilkeriaren egilea eta hori duela zortzi urte doi doia.

Egun hauetan emaiten dute Baionako zinema sala batean Mesrine deitu filma.

Izan zarezte bandil edo ohoin eta ohoratuak, ospetuak, goraipatuak izanen zarezte.

Ez dugu ikusi futbol partidarik telebixtan, Frantzia Ingalaterraren kontra.

Paristarrek txalotu dute Platini, bi tanto markatu dituelakotz.

Pentsatzen dut esku zartaka ari ziren berberek xixtukatu zutela Platini italianoekin ari zelarik Paris Saint Germain-en kontra.

Eta erranen dautate finak direla Paristarrak! Hek bezain astoak eta salbaiak dira Ingalaterratik etorri diren gazte edo ez hain gazte futbolzaleak asko gauza xehakatu baitute Parc des Princes futbol zelaian eta hango inguruetan.

Horiek horiek gizonak!

Des poupées de magazine amerikano emankizunak gogoarazi daut Miss-eri buruz Anne Gaillard-ek egin zuen erreportaia.

Bietan ikus daitekena da nola ama batzuk beren alaben bitartez nahi dituzten gaztaroan egin dituzten amentsak obratu.

Gaixo amak eta gaixo neskak.

Duela lau urte orai eman zuten, omen, Les Dames de coeur emankizuna.

Ez nuen ikusi orduan.

Joan den ortzegunean behako bat eman diot ikusirik ari zirela Madeleine Robinson, Gisèle Casadessus eta Odette Laure.

Zati irringarria, ederki emana hiru artista horiekin.

Ikus zaiteken, denbora pasa!

Ikaragarria FR 3 gateak egin duen inkesta xekatuz nola pasatu zen Bordeaux Vintimille-ko hiltzea, lau mutiko gazteek bagonetik bota zutela araba bat.

Alta izan zen gataska gogorra! Bainan nehork ez du deus ikusi, nehork ez du deus entzun, nehork ez du geldiarazi treina.

Bi lekuko bakarrik agertu dira emankizunean.

Besteak egon dira ixilik ederki kukuturik.

Iduri zuen espres egina.

Apostrophes delakoan erakaskuntzaz mintzo ziren.

Salbu Jacqueline de Romilly, ez ditut biziki maitatu besteak bereziki Despin eta Maschino.

Aise da besteen kontra aritzea ez direlarik hor.

Eta emankizuna bururatu-eta Kanadako filma bat eman daukute: Pitié pour le prof!.

Denak bortitzak dira Kanadan, bazterrak jendeak bezala.

Aratsalde ederra larunbatekoa.

Frantziak ederki irabazi du Ingelesen kontra bortz entsegu markatuz airoski.

Eskosiak ere bentzutu du aise Irlanda.

Zer finala martxoaren 17-an.

Segur naiz jende guti izanen dela karriketan aratsalde hartan.

J.H.